Workshop Industria Adimenduna

2023-01-11
Arrasaten, 2023ko urtarrilaren 11n. Euskal industria adimendunari buruzko topaketa egin da gaur, asteazkena, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzak antolatuta eta gai horretan diharduten 75 aditu ingururen parte-hartzearekin.



Industria adimenduna Europako ekonomiaren bizkarrezurra da. Sektoreak Europako langileen % 22,1 enplegatzen ditu, eta bertako ekonomiaren balio erantsiaren % 26 sortzen du. Era berean, euskal industriaren helburua, “materialak, prozesuak, bitartekoak eta sistemak ikuspegi integralarekin integratzetik jasangarritasunean eta ekonomia zirkularrean oinarritutako eredurantz jotzea da, euskarritzat informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) eta 4.0 paradigma ez ezik adimen artifiziala ere hartuta, industriaren garapeneko funtsezko teknologia gaitzaile berri gisa”, adierazi du Rikardo Bueno BRTA aliantzako zuzendari nagusiak.

Euskal industria adimentsua errepasatzea, horren testuingurua eta joerak zeintzuk diren ezagutzea, eta zentroek aurre egin behar dieten erronkak aztertzea izan da BRTA aliantzak antolatutako jardunaldiaren helburua.



Topaketari hasiera emateko sarrera laburra egin dute Rikardo Buenok, BRTA aliantzako zuzendari nagusiak, eta Alberto Fernández Gonzálezek, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak.

Jarraian, aliantzako adituek arlo hauetan zentroetan garatzen diharduten ikerkuntza eta teknologiaren berri eman dute: zero aztarnako material aurreratuak; makina adimendunak eta konektatuak; ekoizpen-prozesu jasangarriak, malguak eta zero akatsekoak; produktu adimendunak; eta datuan oinarritutako negozio- eta zerbitzu-eredu berriak.

Topaketa amaitzeko, mahai-ingurua egin da, Jon Kepa Gerrikagoitia BRTAko Zientzia eta Teknologiako arduradunak moderatua. Bertan, 2030erako ikuspegia azaldu da, jardunaldian aurkeztutako esparruetan, eta Euskadiko erreferentziazko industria-sektoreetan izango duten eragina ere azaldu da.

Ekitaldia ixteko, Rikardo Buenok nabarmendu du “euskal ikertzaile eta teknologian adituak direnen topagunea izan da gaurko jardunaldia, industria adimendunaren inguruan egiten duten lana partekatzeko eta elkar hobeto ezagutzeko”. “Euskal ikertzaileen lana kontuan hartuta, punta-puntako emaitzak lortu dituzte Europan eta munduan fabrikazioaren arloan. Emaitza horiek guztiak  gure industriaren esku daude, eta haien lehiakortasuna indartzen dute. Horrelako topaketen bidez, gure asmoa da koordinazio eta lankidetza handiagoa sustatzea, dagoeneko onak diren emaitzak are hobeak izan daitezen”.

Noticias relacionadas